“Erratzü izeneko baserrian nehork ez zidan erranen nola bizi, nola hausnar, nola solasta, nori, norekin, zertaz. Hiru hamarkada lehenago ikasi nuen zuberera bueltatuko nintzen. Ideia garatzen nuenean, ene bakartasunean, halako argitasun batek gatibatzen zidan garuna: zoriontsu sentitzen nintzen, belatxen pare hegaldatzen ziren sintaxiak, labana zorrotz zebilen perpausen ironia, Santa Graziko hartzaren urratsetan lehertzen zen fonemen kordela. Joana Garraldak halaber, Zaraitzuko euskalkia lantzen zuen, arraiki, euskal hizkuntzaren aberastasun minberari omenaldi hunkitua eskainiz.

Phaedra Out-Take # 2 pieza hasi zen. Monika Wittigen Les guérillères liburua eskuetan hartu nuen. Oraino ere zirrara hazten zidan hainbeste maitatu nuen lanak. Edonon irakurtzen nuen, ez nuela beste liburu beharrik pentsatzeraino. Gustatzen zitzaidan orrialdeen artetik ernatzen zen kalipua, aldarrikapenen eta deiadarren akuilu zizta eta parterik parte zabaltzen zen epikotasun sustatzailea. Galdua nintzen aldietan, liburura bihurtzen nintzen, bidea erakutsiko zidala esperoan.

Proust, Dostoievski, Woolf eta Rimbaud atxikiko nituen. Gainerakoak sarean atzeman nitzakeen edo Atharratzeko mediateka publikoan, halakorik baldin bazen. Egiaz, edizio merkeak ziren nireak eta negu minetan sua asetzeko aise balia zitezkeen. Ez nuen espanturik egiten, bereziki lagunekin edo ene inkestetan, bezero batzuen bibliotekaren aitzinean kausitzen nintzenean: larruzko obrak zeuzkaten, egilearen izenak eta tituluak urrez horniturik zeramatzatenak. Ez nituen gutiziatzen, aperentziarik ere ez. Eta Erratzün ez nukeen irakurtzeko beta handirik…

Langabezian sartu berria nintzen Joanak deitu ninduenean, berarekin bizitzera gonbidatuz. Baiona hiriko garbitzaile enpresak kanporatu gintuen Karim, Dede eta hirurok. Hirurogei urteetara hurbiltzen ari ginelako, zahar kuskuilatuak izanki, ez ginen beraz zuzendaritzaren gustuko, lanerako gai. Langabezia saria erdiesteko legeak ere aldatu zituen gobernura heldu baiko Macron presidenteak: aberatsenei fortunaren gaineko zerga kendu zien eta langabetuei kobratze epeak murriztu: hori justizia, harri batez bi txori, biba hi, biba Manü!

Hoberik eztün/k…

Bihotz elektronikoaren taupadak ur irakinaren burbuilekin ezkontzen ziren ene belarrietan, Tangerine Dreamen melodiei esker. Memoria harrotzen zidaten: negar malkoak mateletan behera jaisten zitzaizkigun, zikin-biltzeko azken turnea egin genuenean. Dederekin, zakarren ustel urrina estimatzen ikasia nuen, larruari lotzen zitzaion kontsumo gizarte gastatzailearena zen, jasanezina, batzuetan sabelak inarrosten zituena. Goitika bukatzen genuen eta elkarri besarka, sosegu bila. Joana Garraldak erosi etxean bederen, ez zatekeen horrelakorik. Sukalde zapala zuen, leihotik Madalena tontorra ageri zen, ezkaratz zabala eta hiru logela nahikoa handi bazituen, bakoitzak gurea edukitzeko eta lagunik bagenu, baten bat asteburua gurekin pasatzera gonbidatzeko.

Erran gabe zihoan baratze bat ere bazegoela, sagarrondo umil baten aldamenean. Hor nintzen aitzur eta jorra ariko, musika entzuteko eta liburu pornografikoak irakurtzeko partez. Baratzearekiko etxea ukanen nuen nik ere, oinarrizko euskaldunaren betidaniko ametsa egiaztatuz, eta ez nuen hutsik egin behar.

— Bai, Joana, horra nüzü…

— Noiz jinko zrade?

— Eztakit, dagün hilabetean, eman zagün.

— Zre kanbra ginen dit…

“Ederki, ederki” errepikatuz pausatu nuen telefonoaren besakia. Eta hara… Erratzüra mudatzeko prestatzen ari nintzen, kasko zokoa distira. Mugikorrean, berehala haztatu nituen Joanak igorri argazkiak, estatu onean zen baserriaren gorputzaz eta saihetseko baratzeaz gain, ogia erretzeko labea zehaztu nuen egurrentzako aterpean bertan: maiteko nuen, maiteko nuenez, Joana kuttunak apailatzen zidan bizimodua, deus gabe, edo hain gutxirekin, baina behar nuen guztiarekin. Funtsean zer zen behar nuena, amodio apurraz, suaren berotasunaz eta eguzki hotzaren azkorrietako ñir-ñirraz aparte?

Maria Mercè Marçalen eta Marguerite Durasen obrak kartoi batera bota nituen, Xora eta Fargo filmak ondotik, ene gogapen osoa bilbatzen zuten kanpoko hiru disko gogorrak eta inkestetan noiztenka erabiltzen nuen argazki makina numeriko erosoa. Bat-batean, ene azkeneko ikerketaren karneta ikusi nuen, Dune eta Hyperion eleberrien artean. Ez nintzen hunkitzera ausartzen, huts egin nuelako Otsabideko Martiren buruaz beste egitearen arduradunak argira eta justiziara ekartzeko betekizunean. Ez nuen lortu. Aitortzekoa nuen. Zenbait egun lehenago, preseski, Baionako merkatari karrika batean, Martiren alarguna gurutzatu nuen, beltzez bezti, triste alabaina, begitartea lurrera.

Hurbildu nintzaion. Agurtzeko. Urrats bat egin zuen gibelera. Ahurra ukatu zidan, baina malko artean, egun ona desiratu hala ere. Presatua zen arren, berri etsituak eman zizkidan:

— Ez da aise maldan gora berriz hupatzea, badakizu… ez, zuk ez dakizu, lehen zailtasunarekin batera amore ematen duzulako… Barkatu ez nuen gaiztoa izan nahi, ihes joan zait…

— Lasai —ihardetsi nion—, ez du axola. Ohitura daukat. Inkestak ez ditut beti bururaino eramaten ahal, egoera, botereak, sinesteak, usteak… bada beti zerbait kabitzen ez dena…

Urrundu zen, jende aferatuen tartetik. Bizitza amilduaren marra konkorra jarraitu nuen begiz, saldoetan desagertu zen arte. Eta Martiren suizidioaren inguruko zertzeladak oro etorri zitzaizkidan garuna kolpatzera. Urte batzuk lehenago, alta, ez zen batere gaizki hasi bere eta partzuergoa ordaintzeko diruz lagundu zuen GaztaKoop kooperatibaren arteko istorioa. Eskualdeko laborariak ziren juntatzen, ardi esnearekiko ekoizpenak biderkatzeko eta erosoago saltzeko. Alimaleko egoitza bat eraiki zuten proiektuaren eramaileek Basagaitzeko eremu hutsean, langileak hartu zituzten eta CAC40ko enpresa ohoratuetan bezala urrez pagatu zuten zuzendari bat.

Euskal prentsan eta jendartean, GaztaKoop eredu moduan aipatzen zen, salmenta politika erasokorra zeramaten, laborariak borondatez ibiltzen ziren dendaz denda gasnak, gurinak eta esneki ezberdinak hirietako bezeroei proposatzeko. Baina, luze gabe, zurrumurru batzuen arabera, ikasi zen GaztaKoopek alimaleko zorra bazuela, anitzetan bankarrot egiteko zorian izan zela eta noski, kooperatiba bat izanez, zuloaren arduradunak laborariak berak ziren. Sugeak bere burua klikatzen zuen, behialako paradisuko irudietan nola.

Biltzar nagusi sutsuak deitu ziren, nekazariak nekazarien aurka bermatzen zebiltzan, zuzendaritzak proposatu ideia bikaina ardatz: bakoitzak joan behar zuen bankura, enpresaren moltsak betetzeko, bere izenean mailegu baten egitera. Martik GaztaKoopen funtsean sinesten zuen bai eta onartu Bankura joatea, berrogeita hamar mila euroko kreditu lerroa irekitzeko. Bankuak, bistan dena, bidea zabaldu zion, zordunekin egiten baitzituen berunezko barrabilak. Izenpetze unean, negarra begian zeukan, zepoan zegoen. Gainera, bazuen bi urte bere esne produkzioa ez ziola kooperatibak pagatzen eta, segur aski, esperantza murritza baitzen egoera hobetzeko, ez zioten sekula deus pagatuko.

Martiren alargunak kontatzen zidan garai haiek biziki zailak suertatu zitzaizkiela. Iruditzen zitzaien nehork ez zituela entzuten, nehork ez zituela ulertzen, nehork ez baitzuen GaztaKoopen eskandalua aipatzen, ez irratietan, are gutxiago laborantza sindikatuen kazeten orrialdeetan. Infernurako bidean, beren lerratzea isilean eta gordean pasatzen zen. Euskal mundua, gure mundua, erraten zidan zerbait premiazko azpimarratu nahi bailidan, beti prest zen mobilizatzeko injustizia bat agitzen zenean, Bearnoko edo Frantziako edozein esne transformatze enpresak horrela ekingo bazuen, manifestaldiak antolatuko zituzten, burbuila hantaraziko, agiriak zabalduko alde guztietan… baina GaztaKoopen kasuan, deus ez, euskal gorputzak malgor zirudien. Funtzionamendu zorrez gain, laborari partzuerrak, kooperatibaren gastuen estaltzeko, are zor gehiago beren gain hartzera behartuak ziren.

Bi urte baino ez ziren pasatu kooperatibak bankuan beste mailegu bat egitera bultzatu zituenean, biltzar nagusi nahasi baten karietara. Orduan, laborari zenbaitek ontzia abandonatu zuten, beren hartzeak bertan utzi, baina Martik bezala, askok jarraitzea erabaki zuten, fideltasunez eta konfiantzaz. Putzu ilunean behera zihoan Marti. Ez zituen, hargatik, begi onez ikusten GaztaKoopetik hilabeteko ekoizpena ordaintzen zieten esnetegi handiagoetara joan nekazariak: traidoreak ziren, laxoak, koskoilik gabeak… gordin mintzo zela oroitzen zen Martiren alarguna. Lagunekin biltzen zenean, gogorragoa zen oraindik, Europako ardo merkeak arimak berotzen zituen heinean.

Sisiforen parabola errepikatzen zidan emazte hautsiak, bere senarraren suizidioaren hobendunak GaztaKoopeko eramaileak zirelako bere ustea froga nezan nahi zuelako deitu ninduelarik. Gero, epaitegira joango zen eta han, noizbait, hasiko zen balizko errudunen auzia. Sisifok bezala alabaina, laborari bederak, maileguz mailegu, hilabete sari ukatuz ukatu, pentsatzen zuen harria putzu ilunaren sakonetik jalgitzea, baina kaskora heldu bezain laster, eskuetatik lerratzen zitzaion, hondorik gabeko zolaren zolara eskapatzeko. Erran gabe zihoan, inkesta eraman nuenean, ez nuela hobendunen izendatzeko elementu izpirik kausitu. Edo hain gutxi. Orokorrean, omertà gaitza zen gazta enpresaren inguruan.

Euskal munduan baziren sekula argitu(ko) ez ziren hainbat sekretu. Amen-omenka aipatzen ziren, gehienetan isilean atxikitzen, zer gerta ere. Harrigarria zen, ezen jendeak, gaingiroki jakinean egon arren, xaloki galdetzen zitzaionean, bat-batean deus ez zekien.

— Kurios pinterdi bat baizik ez xira…

— Zer gertatu zen, zuzen?

— Ez dautxut erranen, hori ba’akixu, gure artekoa’uxu…

Ez nuen maite interlokutorea xuka hasten zitzaidalarik. Ene izaera humano adultoa ezeztatzen zidala iruditzen zitzaidan, infantilizatzen ninduela, hots: ni amarekin eta haurtxoekin baino ez nintzen xuka ari. Kasu honetan, xuka unilateralak hozten ninduen eta deus ez bailitzan eleketan jarraitzen nuen, baina ez nuen misterioa urratzea nehoiz lortzen. Martiren alargunaren kontura, urririk egin nuen inkestan, egoera hori biderkatu zitzaidan. Ate guztiak ixten zitzaizkidan, salbu GaztaKoopetik alde egin zuten nekazarienak! Hauek, gaztategiaren izena ahoskatu orduko, sutan jartzen ziren, ezpain zurbiletatik madarikazio kordelak ateratzen zitzaizkien eta nik haserre tsunami hori ez nezakeen menpera. Erranak notatzen nituen eta eskerrak bihurtuz urruntzen nintzen: iruzur motakoaren egitura marraztu nuen, bazen zerbait.

Hitzordua eskatu nion, ausart, kooperatibako zuzendariari. Ezezko borobila eman zidan telefonoaren beste puntatik. Eskakizun zikinak egiten jarraitzen baldin banuen, brikolak agituko zitzaizkidala eta tribunalean bukatuko nuela. Izutzen ninduten gizon plaxentaren —egunkarietan agertzen zenean, hala irudi zuen bederen— mehatxuek. Ez zuen ematen Martiren heriotzaren errua kontzientzian zeramanik. Saia eta saia, ez nintzen deusetara iritsi, esku artean neukan karnet beltzeko orrialdeak arkatz melengez zipriztintzera baino. Ez nintzen sobera fida, alargunaren parean aurkitu nintzenean, petzero:

— Ez dut erreusitu. Inkesta eraman dut, finkorik ezer, nahiz eta susmoak ditudan, gehiagokorik ez. Egiaz, nehork ez du Martiren suizidioaz hobendun izan nahi, pentsatzekoa zen…

— Banekien! Banekien ez zenuela lortuko… alferrontzi bat zara, ez duzu behar den lekuan sudurra sartu, ausartu bazina…

— Auzipetua bururatuko nuen… boteretsu horietatik baten batez gaizki erranka ibili nintzela leporatuko zidaten eta oraintxe bertan preso nintzatekeen!

— Negar egiteko gogoa daukat ikusten dudalarik Martiren laborari adiskideek berek ez dutela zurekin solastatzea onartu…

— Horixe, justuki!

Isiltasunaren legea mugarik gabea zen. Otsoak ez zuen otsoa janen. Mamuak ederki konpontzen ziren, elkarri ferekaz eta musuz, inork ez zezan mihirik aska. Arazorik ez alaina, gizon batek ez balu bizia galdu: hiltzeko orduan artalde osoa utzi zuen larre biluzietan noraezean, emaztea alargun, etxaldea segidarik gabe eta zorrak, bistan dena, bereak eta besteenak. Auzoek lurrak alokatu zizkioten alargunari eta artaldea salgai jarri zuten sindikatuko astekariko erdiko hostoetan. Beti bazen norbait, harrapari antzera, bakanak hedailo erortzearen aiduru, handitzeko, zabaltzeko eta ekoizpen ahalak hedatzeko prest.

Martiren ehortzetan nintzen. Gaztetan, elkarrekin ginen nekazari eskolan. Hilkutxa lurpean jarri zutenean, euri ondoko ur xirripak hobiaren barnera isurtzen ziren bitartean, jendetza kantuz orroaz ari zen “betiereko zoriona hil honi eman otoi Jauna” eta “heldu da gaua ilun-iluna”. Alarguna ikusi nuen eta, gurutzekaria apezarekin joan ondoan, hurbildu nintzaion doluminak emateko, ene partez. Ezpainak doi-doia mugitu zituen:

— Kolaziora etor zaitez —murmuratu zidan—, zurekin hitz egin behar dut. Atzo, bankuan izan naiz eta gauza batzuk ez ditut konprenitzen. Ez da lekua hemen, hilerri likits honetan, horretaz aritzeko. Igurikatuko zaitut. Zatoz gero!

— Gaur ez dut sobera denborarik, baina ados, bihar arte… pasatuko naiz zure etxetik… faltarik gabe.

Kopeta makurtuz ene hitza baietsi zuen. Egun hartan, tristura larriaren zamak lehertzen ninduen ni ere. Hainbeste laborarik bere buruaz beste egiten zuen, hainbeste langilek halaber, bietatik ezagutzen nituen, izpiritua zirikan ari nintzen, lana jada zeregin morbidoa bilakatua ote zen galdeka. Zergatik ez ginen ofizioz aldatzen eritasun latzak eragiten zituenean, nagusiek zirrika morala jasanarazten zigutenean, zergatik? Etxeak genituelako pagatzeko, SUV kotxeak, haurren ikasketak, egongelako horma guztia ezkutatzen zuen LED telebista, batzuetan igerilekuak, hainbat gauza, hainbat kezka, loturik genbiltzan, Mehetegiko xakurraren antzera.

Hitzeman bezala, biharamunean Kakoenean nintzen, Martiren alargunak sukaldeko mahai lilitsuan pausatu kafe kikaratara baten aitzinean. Emaztea entzun nuen luzaz eta kasik bihozgabetu nintzen arditegiko sunber batetik soka puska bat begietsi nuenean. Ez nion elasturia moztu:

— Erranen dizut nola gertatu zen. Arrats hartan, arrats guztietan bezala, arditegira joan zen eta ni ohera, lasai, nahiz eta senarra arranguratua zebilen hondar hilabeteotan. Lan nekeza dute laborariek, hori zuk ez duzu konprenitzen ahal bistan dena, baina hala da, hatsa hartzeko betarik ez, kezkak milaka, ezintasun sentimendu hori beti, alegiazko elkartasuna bazterretan, ongi zarelarik denak zurekin dira eta den mendrena flakatzen baldin bazara, hor dituzu denak inguruan, noiz amilduko zaren zain… Goiz hartan, harritu nintzen ohea hutsik kausitzeaz: argi-zirrintan jaiki zena? Zertarako? Sukaldera ernatu eta han ere nehor ez, oihu egiten nion, arraposturik ez, arditegira zuzentzea erabaki nuen arte… eta han, izugarria, gizona sunber honetan, lepotik zintzilik, begiak bihurdikatuak, hutsean zabalik… Suhiltzaileak deitu nituen, ez naiz denez oroitzen hortik at…

Hatsa hartu zuen. Malko bat dragatu. Mutu nengoen. Sinesgaitz bezala.

— Suhiltzaileekin batera anbulantzia eta Otsabideko jendarmeak hurbildu ziren gure arditegira. Martiren hil berria jakin orduko bankeroak telefonatu zidan, berehala ikusi nahi ninduela, egoera larri batez solastatzeko. Hilotza oraino ketan zegoen eta senarrak laborantzan iraun ahal izateko egin zorrak aipatu nahi zizkidan hark. Zer kopeta! Bazauzu? Hor zidan salatu bi mailegu bazituela, GaztaKoop enpresaren kontu eginak, bere izen propioan. Erotu nintzen, indarrik izan banu, bere saltzaile eta jendeak zepora akuilatzeko irri zuria irentsaraziko nion, baina ttattit gelditu nintzen, aulkian iltzatua. Kaxtonekin hitz egin nuen bankutik jalgitzean, hura ere istorio horren partzuerra zelako, eta bai, esplikatu zidan, biltzar nagusi batean erabaki zen laborariek prestamu pertsonalak eginen zituztela, enpresaren bankarrota ekiditeko!

Hipaka lehertu zen alarguna. Besoetan tinkatu nuen, eta ondorio baikorrik gabeko sudur korrok artean, nire detektibe rural gisako laguntza zergatik behar zuen azaldu zidan:

— Behar dut absolutuki jakin nortzuek egin zuten Marti heriora tirriatuko zukeen proposamen zakar hori… espero dut nik ukanaz beste ihardespenik erdietsiko duzula zuk, betikoa, kooperatibaren partzuerrak senar-emazteak bezala direla, onean eta txarrean elkartuak, bederazka zorren arduradun, eta beraz, maileguak egitea eskatu zitzaienean, berak zirelako zuzenean buruzagiak!

— Saiatuko naiz afera argitzen…

Ez nion besterik erran.

Etxez aldatzeko puskak bereizten eta biltzen nenbilenean atzeman nuen karnet azal beltzak ederki frogatzen zuen ez nuela lortu, huts egin nuela, ez niola biderik ireki Martiren alargunari, ateak oro zerratuak zirelako, giltzarrapoz, ahoak bezain. Afera asko banituen ikertuak azken hiru hamarkadetan, eta hau zen gogoan neraman puntu latz bakarra, damu nuen zinez, batez ere alargunarentzat. Laster, Erratzü baserrian biziko nintzen, mundutik eta munduaren pairamen kordeletatik urrun. Egunsenti eta iluntze gorriak miresten, Joana Garraldaren aldamenean.

Zer egin karnetaz? Atxik? Aurtik?”

Itxaro Borda (1959, Bayonne) is a Basque author with a background in agriculture and history. She worked for the French post office for some time. She now lives and works full-time as an author in Bayonne. She began her literary career in 1982 when she founded the literary journal Maiatz with Lucien Etxezaharreta. She won the 2002 Prix Euskadi for her novel 100% basque. She is most known for her series of detective novels with detective Amaia Ezpeldoi, the last of which, Euri zitalari esker / Thanks to the Acid Rain, was published in 2021. In addition to her novels, she has also published many poems.

Trafika Europe